2010/05/07

Zumaiako flyscha, gure altxorra.

    Zumaiako Flyscha "Lurraren historiarako munduko erreferentzia" ofizialki izendatu zuten atzo Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak.


    Baina , zer da flyscha? Itsas hondoan sedimentazioz sortutako arroka-mota da. Flyschean material sedimentario gogorrak (kararriak) eta bigunak (margak) txandakatzen dira; hau da, gogortasun desberdineko geruzaz osatuta dago, eta horrek hostopil-itxura ematen dio.



    Lurrak gutxi gorabehera 4.600 milioi urte ditu eta denboraldi hori guztia hainbat kapitulu eta azpikapitulutan banatzen da.. Erregistro geologikoaren aldetik dira bereziki interesgarriak Zumaiako labarrak.

    Deba aldetik, berrienetara, Getaria aldera, gutxi gorabehera duela 100 milioi urtetik duela 50 milioi urtera bitarteko historia osoa dago jasota, orriz orri. Eta juxtu zortzi kilometro horietan, Lurraren historiaren bi une nabarmen daude jasota. Gaur egun Euskal Herria den eremua itsas hondoan zegoen, eta kosta orain Errioxa dagoen lekuan zegoen. Horregatik daude han dinosauroen arrastoak, eta ez Euskal Herrian.

    Zumaian inon baino garbiago ikusten dira Kretazeoaren eta Tertziarioaren arteko muga (K/T muga) eta Paleozenoaren eta Eozenoaren artekoa (P/E).

   K/T muga duela 65 milioi urtekoa da. Zumaian, Algorriko puntaren oinarrian dago eta dinosauroen galerarekin erlazionatuta dago. Berez, K/T muga buztinezko geruza ilun bat da. Buztinean iridioa dago, normalean egoten den baino askoz kontzentrazio handiagoan. Teoriaren aldeko ebidentzia ugari daude (fosilak eta asteroideak inpaktatzean sortu ziren mikoresferulak,adibidez). Asteroide hark sortutako kraterra Yucatanen dago, eta arrastoak mundu osoan hautematen dira. Zumaian, ageri-agerian daude. Esaterako, atmosferara iridioa askatu zuen, eta hauspeatutakoan sortu zen geruza oso garbi ikusten da Algorrin.


    P/E muga Zumaian ez ezik, Sopelan eta Hendaian ere nabaritzen da. Geologoek K/T muga baino garrantzitsuagoa dela esaten dute. Itzurun hondartzaren sarreran dago, 54-55 milioi urte ditu. Muga honek aurreko geruzekiko desberdintasun geokimikoak, isotopikoak eta paleontologikoak ditu eta aldaketa hauek oso klima-aldaketa handia eragin zuten.



Beraz, altxor hori zaindu egin beharko dugu.


Lurraren geokronologia argitzeko klikatu hemen

No hay comentarios:

Publicar un comentario